Ez zaigu ahaztu
Résumé
Bidaia — Argentinara noa. Telefonoak ekarri zidan erantzuna argia eta ironiko samarra izan zen: — Igeri egiten ba al dakik? Nire zuzendariak ez zuen, nonbait, hain garbi ikusten. Bost hilabete neramatzan Atlantikoaz bestaldeko jendearekin harreman logiko samarra lotu nahian, diktadura… militarraren garaian desagertutakoei buruz datuak biltzeko, baina etsita nengoen. Ez telefonoak, ez faxak, ez e-mailak ez zidaten balio argitu beharreko dudak argitzeko, zer edo zer gehiago jakiteko. Lehen ere norbaitek ohartarazia zidan inork egin ez zuen ikerketa telefonoz egin nahian nenbilela. Hara joan beharra zegoen. Bost hilabete horien ondotik sinetsirik nengoen merezi zuela, are, egin beharra zegoela. Egunkarietan maiz azaltzen ziren Baltasar Garzon epaileak hainbat desagerpen ikertzeko Argentinako hamar militarren kontra Madrilen zabaldutako prozesuei buruzko informazioak. Ordurako banekien horien artean euskaldunak bazirela. Familiarrekin hitz egin nahi nuen, hogei urtetan inork entzun nahi izan ez zuena jaso, eta hemen kontatu gero. Banuen esperantza testigantza hauen bidez 1976tik 1982ra bitarte desagertutako 30.000 lagunen sofrimendua ere konta nezakeela, herritartasunak ematen duen konplizitateari esker askok ulertuko luketela basakeriaren nondik norakoa. Uste betean nengoen ni. Oraindik, baina, nire zuzendaria konbentzitu behar nuen.